|
IURRETA institutuak 1988-89 ikasturtean egin zuen lehenengo aldiz Hizkuntza Normalkuntza Proiektua. Irakaskuntza euskaraz eskaintzeko beharrak bultzatu gintuen, eta institutuaren funtzionamendua euskaraz izateko nahiak.
Ikasturte hartan A ereduko taldeak 17 ziren, eta D eredukoak 12. 2007-08an, berriz, talde bakarra dugu A ereduan.
Hizkuntza Normalkuntza Proiektua garatzen hasi ginenean, eta gero (2003-2004) Hizkuntza Proiektuaren bidez, jarri genituen helburuei begiratzen badiegu, zenbait esparrutan urrats handiak egin ditugula nabaritzen da: zerbitzua euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartu genuen, eta lortu egin dugu. Hain zuzen ere, KONTSEILUA erakundeak “Bai euskarari Guk zerbitzua euskaraz” ziurtagiria eman zigun 2000-2001 ikasturtean. Horretarako irakasle ez diren langileak euskaldundu dira (bostetik lau), dokumentazio guztia euskaratu dugu, batzar eta agiri guztiak euskaraz egiten ditugu, eta abar. Mintegi teknologikoek, berriz, lan handia egin dute ikasleei ematen dieten materiala euskaraz jartzen, eta gaur egun, salbuespenak salbuespen, esparru horretan egoera normalduta dago.
Hizkuntza Normalkuntza ikastetxeko beste proiektuekin uztartuta dago: 2003-2006 urteetarako egin genuen Plan Estrategikoko lehen arlo kritikoa hauxe zen: “Ikastetxearen jardueran euskararen normalkuntza eta euskarazko irakaskuntza bermatzea”. Gainera, 2002. urtean, ikastetxearen xede, ikuspegi eta balioak definitu genituen (KALITATEaren eskuliburua). Hain zuzen ere, balioen artean hauxe aipatzen da: “Euskararen normalkuntzaren alde ahaleginak egitea”, honako hau zehaztuz: “ikastetxearen barneko bizitza, gehiena, euskaraz egitea. Ikasle eta irakasleen artean euskararen erabilera bultzatzea. Ikastetxeak bere inguruarekin duen harremana euskaraz izan dadin saiatzea.”
|